XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. Hala ere, oztopoak ez zetozkion kanpotik bakarrik, irudi hau zilegi bada. Izan ere, fededunen eta teologoen beraien artean ere ondoez sakona nabari zen: teologia liberala puri-purian zegoen protestanteen artean, kristautasuna Ilustrazioaren izpiritu eta eskakizunetara egokitzea zuelarik asmo eta egitamu nagusi; horretarako, erlijio-esperientzia azpimarratzen zuen, hain zuzen ere, kristau-fedearen muin eta mamitzat, gainerako dogma eta pretentsio absolutu guztiak erlatibizatu edo baztertu egiten zituelarik.

Eta jakina, hori ere ezin zuen Otto kristauak besterik gabe onartu, ezin zuen Kristo gainerako erlijio-fundatzaileen parean jarri, ezta kristautasuna beste erlijioen kideko bihurtu ere. Hortxe zabaltzen zitzaion Ottori eztabaidarako bigarren fronte nagusia, beste erlijioen aurrean kristautasunaren berezitasuna erakustera behartzen zuena: teologia liberala.

Horra gure autorearen erreferentzia eta solaskide nagusiak: batetik, giza arrazoiaren eta osasunaren izenean erlijioari egiten zitzaizkion kritikak, erlijioaren jatorriarekiko susmoak, erlijioaren definizio funtzional eta murriztuak; bestetik, kristautasuna beste edozein erlijioren pare jartzeko joera.

5. Eta bada, oraindik, hirugarren fronte bat, Ottok Santu dena liburua idatzi zuenean osorik ageri ez bazen ere: K. Barth suitzar teologari ospetsuaren teologia dialektikoa, Kristo eta kristau- fedea giza erlijio-esperientziaren ukapen biribila direla dioen teologia; honen esanetan, erlijio- bizipena eta gizadian diren erlijio guztiak benetako fedearen, kristau-fedearen, ukapena besterik ez dira, fabrica idolorum, jainkoirudi faltsuen eralekua eta sorgunea besterik ez.

Beraz, justu-justu, teologia liberalaren alderantzizko jarrera da K. Barthena. Ottoren liburua atera eta bi urtera, 1919an, argitaratu zuen K. Barthek bere Der Rô*merbrief (San Pauloren Erromatarrei gutunaren komentarioa) eta Ottok ezin zezakeen, beraz, solaskidetzat eduki, baina kezka bat bera dute biek funtsean: kristautasunak erlijio-esperientzia arruntarekiko duen berezitasuna markatzea.